XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orain hogeitamabi urte sortu zen APETI, edo sortu zuen Marcela de Juanek, 1954. urtean hain zuzen.

Ez ziren urte onak haiek: nolabait aurrera egiteko bidea zen itzulpengintza eta itzulpen lanaz ez zen inor arduratzen.

Argitaletxeek estilo-zuzentzailearen figura bultzatu zuten eta honek gauzak hoberatu ez ezik, hondatu ere egin zituen.

Hasiera hartan, beraz, APETIk oso indar eskasa zuen: hogei bat besterik ez ziren partaideak, eta ezer gutxi egin zezaketen.

Erakundea berpiztu egin zen ordea 60. hamarkadan, Consuelo Bergésen eskutik bereziki.

Consuelo Bergés Proust eta Stendhalen itzultzailea da.

Berak jaso zuen lehenengo Fray Luis de León itzulpen saria (1956).

Aurrerago Fundación Consuelo Bergés antolatu zuen, eta Stendhal Itzulpen Saria sortu.

Esan behar da halaber bera izan zela Copyright-a Espainian lortu zuen lehen itzultzailea.

Horrela, eta emakume horren lanari esker besteren artean, noski zabaldu eta indartu da APETI.

Gaur egun ia mila lagun biltzen ditu APETIk, alor desberdinetako itzultzaile eta interpretariak: itzultzaile tekniko zientifikoak, zinpeko itzultzaile eta interpretariak, hitzaldi itzultzaileak, etab.

APETIri hasiera eman zioten itzultzaile literario eta poetak besteak baino gutxiago dira orain (beste leku askotan bezala bestalde).

APETIren eginkizun nagusiak Itzultzaile eta interpretarien eskubideen defentsa: - Itzultzaile eta Interpretarien Kolejioa antolatu.

- Lan Ministeritzarekin, itzultzaile eta interpretarien status juridikoa normalduko duen egitasmoa burutu.

- INEMekiko harremanak hestutu, itzultzaile lanpostu finkoak enpresa nazional eta multinazionaletan lortzeko.

- ACEren (Asociación Colegial de Escritores) barnean Sección Autónoma de Traductores de Libros izeneko erakundea antolatu da: erakunde horren bitartez liburu itzultzailearen figura indartu egiten da argitaletxeetan.

Bestalde Segurtasun Soziala eta Liburu Idazleen Mutualitatean sartzen da orain liburu itzultzailea.

- Zinpeko itzulpenaren alorra arautu.

- Dirección General del Librorekin harremanak erraztu, argitaletxeetan itzultzailearen egoera hobetu dadin.